XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orduan, ez zuela Cliveren helbiderik ohartu zen.

Gehiago pentsatu ondoren, Patsieri dei egin zion, baina laguna ez zegoela etxean jakin zuen.

- Irten egin da, Gerry- esan zion Patsieren amak, eta harrituaren ahotsaz, gaineratu zion: Baina nik uste nuen zurekin eta eskolako beste lagunen batzuekin azterketak prestatzera joana zela!.

Ustegabean harrapatua, bera ezin izan zela joan murduskatu zion Gerryk, eta gero galdetu zion ea, txiripaz, ba al zekien Cliveren helbidea.

- Clive Rowlings? Bai, ziur nago helbide-liburuan idatzia izango duela Patsiek, lagunen helbide guztiak ditu hor eta. Itxaron pixka bat.

Handik laster, Cliveren helbidea eman zion Gerryri, baina ez zegoela oso pozik igartzen zitzaion ahotsean.

Telefonoa eseki zuenean, Gerryk ere hasperen egin zuen gogaituta.

Berak uste zuen Montek etxera eramango zuela Patsie.

Cliverentzako postalean helbidea idazteko bere gelarantz zihoala, Patsie zer joko ari ote zen egiten galdetu zion bere buruari.

Ez zen lehen aldia bera estalgarritzat erabiltzen zuela, baina azkena izango zela erabaki zuen, Cliverentzako gutunazala listuz busti eta ixten zuen bitartean.

Biharamunean, kontuak argituko zituen Patsierekin!.

Bitartean, amari seilu bat hartu eta kanpora irten zen postala ontziratzera arratseko bilketa baino lehen.

Etxera itzultzerakoan, egoki jokatu ote zuen galdetu zuen bere artean.

Sugartsuegi ari ote zen jokatzen?.